XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Protagonisten hitzetan aurkituko dituzun ele mingotsak aise konprenitzen ahal dira.

1968-1977: MASA BORROKAN PARTAIDE ZUZENAK

Has gaitezen 1968an. Espainian oraindik Franco zen nagusia. Langileen borrokak hedatzen ari ziren fabriketan; gerla galdu zuten euskaldunak beren burua jasotzen ari ziren; errepresioaren kontra denek bat egiten zuten eta kontzientzia iraultzailea areagotzen ari zen.

Gure protagonisten artean, oinarrizko motibazioak argiak dira. Anitzek fabrikan izango ditu lehen esperientzia organizatiboak, lehen borrokak, lehen amorruak; asko euskaltzale da, eta, konstante gisa, Autonomoen artean euskaltzale amorratu asko kausituko dugu. ETAn eta inguruko mugimenduetan hasi ziren beste batzuk. Bakar batzuk datoz anarkismo klasikotik.

Azken finean, eta salbuespenak salbuespen, autonomiak bere alorra aurkitu zuen Euskadin, nazio menperatu gisa; Euskadiko langileen askatasunaren alde borrokatu du, eta askatasun hau gihartzeko prozesu bakar batean sinetsi zuen, iraultza soziala eta estaturik gabeko independentzia ekarri behar dituen prozesuan.

Burgoseko Gerla Kontseiluaren aurkako borroketan (1970) aurkitu zuten fronte guztiak batzeko parada autogestionarioa. Lantegi askotan, auzoetan, asanbladak egin ziren, eta kale borroka izan zen asanblada honen jarraipen naturala. Goitik pentsatutako estrategiarik gabe, herriak berak aurkitu zuen bidea. Esperientzia hori ez da ahazten.

Askatasunaren irrikaz, entseguak biderkatu ziren lantegietan, auzoetan eta mugimendu sozialetan. Aurkitu baino lehen bilatu behar. Bizpahiru urtez etengabeki ibiliz geroz, 1974 eta 1977 arte ezagutu genituen borroka bizienak, praktika sozial aski finkatuan gihartu zirenak. Egoera laburtzeko, hau esan dezakegu: lehen urteotan, asanbladak eta Lantegi Kontseilu eta Delegatuen esperientziak puntualak dira, askotan sindikatu eta alderdiak hauek erabiltzen saiatzen dira...